Euskadisurfer


Fotografía

Zumaiako ikastaro hauetan surfean eta bodyboardean aritzeko lehen pausoak erakutsiko dira.

06-06-07

ZUMAIA. Surfean hasteko ikastaroak ematen hasiko dira ekainean Itzurun hondartzan

Izen-emate epea jada zabalik dago Amaia plazako Imux surf-dendan Ikastaroak ekainaren erdian hasiko dira eta 5, 10 eta 15 eguneko iraupena dute

Uda heltzearekin batera, urarekin eta itsasoarekin lotutako kirol jarduerak eta txapelketak areagotu egiten dira. Uraren epeltasunaz baliatuz, kirol horietan hasteko ikastaroak ere abian jartzen dira. Horren adibidea da ekainaren 18tik aurrera emango den surf eta bodyboardeko ikastaroa. Itzurun hondar-tzan emango da ikastaro hau eta dagoeneko zabaldu da izena emateko epea.

ZISKE herriko surf taldea, Imux surf-denda eta Zumaiako Udala dira ikastaro honen bul-tzatzaileak. Aurreko bi urtetan izandako erantzun ona da hirugarren aldiz antolatzearen arrazoia. Imux surf-dendako jabe eta ikastaroko irakaslea den Unax Etxaberen esanetan, aurreko urteetan 70-80 ikasle inguru izan ziren ikastaroan: «gehientsuenak gaztetxoak izan ziren, 10 eta 14 urte bitartekoak. Beraiek eta, bidebatez, beraien gurasoak oso gustura gelditu ziren emaitzekin. Ikusten da mota honetako ikastaroetan jende ugari mugitzen dela eta horregatik berriro antolatzea egokia iruditu zaigu.»

Ikastaro honetan surfean eta bodyboardean aritzeko lehen pausoak erakutsiko dira. 8 urtetik gorako edonori irekita dagoela aipatu du irakasleak: «edonork har dezake parte, neskek, mutilek, helduek... Eskatzen zaien gauza bakarra igeri egiten jakitea da». Iraupenaren eta

egunen arabera, lau ikastaro mota izango dira. Astegunetan ematen direnen artean, 5, 10 eta 15 eguneko iraupena duten ikastaroen artean aukeratu ahal izango da. Eguneko ordu bete emango da eta prezioak 60, 100 eta 140 eurokoak izango dira, ikastaro bakoitzaren arabera. Asteburuko ikastaroek bi egun bakarrik iraungo dute eta iraupena lau ordukoa izango da, bi ordu eguneko. Honen prezioa 50 eurokoa da. Ordutegiari dagokionez, talde bakoitzaren eraketaren eta itsaroaren gorabeheren arabera erabakiko da.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek Amaia plazan dagoen Imux surf-dendan eman dezakete izena edota 666 607 167 telefono zenbakira deituta. Bertan emango zaizue ikastaroari buruzko informazio guztia.

Etorkizunera begira, surfekoperfekzionamenduko ikastaroa antolatzea ere pentsatzen dute, aurreko urteetan hasi zirenentzakoentzat pentsatuta.

Ikasurf proba

Kirol honekin jarraituaz, ekainaren 16 eta 17ko asteburuan Ikasurf 07 txapelketako azken proba jokatuko da Itzurun hondartzan. Konpetizioan hasteko lehiaketa da hau eta eskola kirol surf zirkuituaren baitan kokatzen da. Aurretik bi proba izan dira, Deban eta Donostian, eta Zumaiako izango da azkena. Lehiaketan alebin (11-12 urte) eta infantil (13-14 urte) mailetako haurrek har dezakete parte. Txapelketan parte hartu nahi dutenek egun bertan izango dute izena emateko aukera. Nahikoa izango dute eskola kiroleko lizentzia izatea.